XABIER IZAGA
Gasteiz (Araba)

Preso politiko ohia


1960an Gasteizen sortua. 1981ean 30 urteko kartzela zigorra jaso eta 2002an atera zen kartzelatik. Espetxe hauetan egon zen preso: Carabanchel, Puerto de Santa Maria, Herrera de la Mancha eta Caceresen.

Loreak udan ihintza bezala” abestiaren letra 1998an “Bart irakurtzeko gaur izkiriatua” (Susa) liburuan argitaratu zen. Letra bere maiteari idazten dion preso baten gutuna da, inpotentziaz, amorruz eta esperantzaz beterik.

LOREAK UDAN IHINTZA BEZALA
Hika eginen dinat, hasiera hartan bezala.
Egunez amodio poemak egin
eta gauez dadaisten antzera
desegiten nituenean bezala...
Haiek ez zitunan poema dadaistak ez deus;
amodio poemak nahi zitenan, baina nik,
ahalkez, mozorrotuak behar nitinan.

Denboraren joanak
Ulise bihurtu ninduelakoan,
lurralde ez etsai baten bila,
maitasun gutunek erridikuloak
izan behar dutela irakurritakoan
neure bertso berri kaxkar eta egartsuen
freskagarri hindudan,
loreak udan ihintza bezala...

Eta ez nionan
hosto iharren kexuari erreparatu
eta ustekabean negua iritsi zelarik
izotz beltzak atzamarrak moteldu zizkidanan.
Nolanahi ere,
oraino uste dinat meteorologoek,
zer gerta ere, oharrarazi behar luketela
itsasaldera hurbiltzen haizen bakoitzean.

Eta Ulise ez naizen arren nire baitan baziraun
Itakaminak, eta orain hika deginat berriz,
etsipenaren mintzamoldea balitz bezala, ezen

mezu desesperatuek diten segurrenik
esperantzarik gehien gordetzen. Nire mezua,
basapiztia kikildua, ihesi zoan
hire soaren abaro epelera, hire begiek
jakingarri egin dezaten, Itaka
inoizko aberri urruna soilik izan ez dadin.

[atzera]